Leurtzan agertzen den fauna hezetasun handiko baso atlantikoetako ekosistemetan ohikoa dena da. Bao-igel gorria da tokiko sinboloa, hemen aurkitzen du behar duen ura neguko errunaldirako, honez gain, baso hezeak ere behar izaten ditu elikatzeko eta babesteko.

Leurtzan dagoen hezetasunak zenbait apo espezie eta hain ikusgarria den arrabioa (Salamandra salamandra) erakartzen ditu.

Urtegia baso barruan kokatua dagoenez, inguru handiago batean bizi diren animalia asko hurbiltzen dira paraje honetara, batez ere, basurdeak, azeriak, lepazuriak eta azkonarrak. Hauez gain, gero eta ohikoagoa da zenbait saguzar espezie ikustea, bere habitata hobetzeko egin den lanarengatik.

Arlo ornitologikoan, zonalde honetan baso hezeetako hegaztiak daude. Hegazti hauek Erdialdeko Europan ohikoak dira, esaterako, harraparien artean, gabiraiak, harris zapalatza, okilak; intsektiboroen artean, txinboak eta txioak, eta oso koloretsua eta zaratatsua den europar eskinosoa.

Leurtzako urtegian, noizean behin ur-hegaztiren bat ere geratzen da, adibidez, kurriloak eta zenbait ahate espezie, hauek pagausoarekin batera zonaldetik pasatzen dira migrazio garaian. Ikusten zailagoak dira arrano beltza, arrano txikia, arrano sugezalea eta aztore arrunta. Sai arrea Munazorrotz mendiko ingurunean azienda dagoenean agertu ohi da.