Landareria

Paisaian pagadiak (fagus silvatica) dira nagusi, pagadi azidofiloak dira gehienak, mendi-hegal aldapatsuetan sortuak. Kare-harrizko azaleramenduetan pagadi basofiloak ere agertzen dira. Leurtzan, gehien bat, pago gazteak daude mendi-hegaletan. Azpiko urtegiaren inguruan, aldiz, zenbait pago zahar eta eder ikus daitezke.

Azpiko urtegiaren ezkerraldean haritzak (Quercus robur) aurkitzen ahal ditugu, haritzez gain, pagoak, gorostiak (Ilex aquifolium L.) eta iparraldeko elorri zuriak (Crataegus monogyma), ere ikus daitezke, azken hauek oso deigarriak dira udaberrian loratzen direnean.

Urtegiaren inguruan dauden belardietan komunitate hidrofitiko bereziak sortzen dira eta ugariak dira kamamila fina (Anthemis nobilis), menda eta udazkenean azafrai faltsua.

Isurialdeen banalerroko basoetatik goragoko soilgunetan txilarrek eta otadiek mosaiko moduko bat osatzen dute, batez ere, Soratxipiko gainean.

Ezpondetan, soilgunetan, basoaren ertzetan eta landaredirik ez dagoen zonalde aldapatsuetan sasiak paratu dira, esaterako otea (Ulex cantabricus) eta zenbait txilar.